Esperimentuak (saiakuntzak)

Esperimentua edo saiakuntza ikertzaile batek emaitza bat (gertaera bat, datu bat) eskuratu eta aztertzeko sortzen duen egoera kontrolatua da, kontrol aldagaiko emaitzetan eragina duten faktoreak edo kausak zeintzuk diren ikertzeko asmoarekin. Saiakuntzen diseinua arlo konplexua den arren, oinarrian garrantzitsuena da faktoreen tratamenduak kontrolatu ahal izatea, jasotzen diren datuak kontrolatzen diren faktoreen eraginez izan direla ziurtatzeko. Kontrol hau aurrera eramateko modu asko daude: ikergai ez diren faktoreak konstante atxikiz eta ikertzen dena bakarrik aldatuz, beste faktoreak bloke ezberdinetan banatuz eta horietako bakoitzean ikertzen den faktoreko tratamendu ezberdinak txertatuz edo aleatorizazioaz, hots, unitate esperimentalak zoriz banatuz ikertzen ez diren faktoreen artean.