Espezializazio malgua (produkzio malgua)

Espezializazio malgua edo produkzio malgua 1970eko hamarkadatik zabaltzen joan den produkzioaren antolakuntza modua da, 1930eko hamarkadatik indarrean izan zen fordismoaren krisiari irtenbidea emateko garatu zena. Gogoratu behar da fordismoa masa produkzioan oinarritzen den produzkio sistema dela, produktu homogeneo eta lanaren zatiketa intentsibo batekin. Sistema egokia eta eraginkorra zen eskariaren aldetik aldaketarik ez dagoenean. 1970eko hamarkadako krisian enpresek euren produktu eta merkatuak dibertsifikatu eta etengabe aldatzen doazen bezeroen behar berriei ahalik eta azkarren erantzun behar izan zieten, azkar aldatzen ari zen eskariari erantzuteko. Horretarako, espezializazio malguak aurreko lantegi handien ordez, enpresek lantegi txikiago eta espezializatuagoak garatu ditu, produkzio-prozesuen zatiketarekin eta azpikontratazio sare zabal batekin (horren adibidea Silicon Valley-eko enpresa ekosistema da); lanaren antolaketaren aldetik aurreko langile guztiz espezializatuen ordez, langile polibalente eta trebetasun anitzekoak hobetsi dira, eta talde lana lehenetsi, lantegietan eta inguruan sortzen diren aldaketei azkar erantzuteko.

Produkzio malguak abantailak ekarri ditu, hala nola bezeroen beharrak egokiago asetu ditu alde batetik, eta bestetik langileari lan zabalagoa eta autonomia handiagoa eman dizkio produkzioan, fordismoak inposatzen zituen produkzio-kateak neurri batean baztertuz. Baino eragozpenak ere ekarri ditu: lan merkatuaren desregularizazioa eta ondoriozko lan prekarizazioa.