Estamentuak

Hiru estamentuak: kleroa, goian ezkerrean, noblezia, goian eskubian, eta hirugarren estatua behean. Posizio horiek estamentuek Antzinako Erregimenean zuten hierarkia-maila adierazten dute.

Estamentuak Erdi Aroan eta Antzinako Erregimenean bereizten ziren estrato edo talde sozialak ziren, itxiak oso, funtzio eta pribilegio jakin eta zehatzekin eta gizartean erabateko hierarkia ezartzen zutena. Hiru estamentu bereizten ziren: noblezia, kleroa eta hirugarren estatua. Noblezia eta kleroa pribilegioak zituzten estamentuak ziren (adibidez, zergak ordaindu behar ez izatea eta estatuko kargu nagusiak beraien artean banatzen ziren) eta hirugarren estatuan beste guztiak biltzen ziren, burgesak, artisauak, nekazariak eta pertsona marjinatuak. Estamentu bateko kide izatea ez zegoen loturik pertsona baten aberastasun materialarekin: nobleziaren kasuan, jaiotzez eskuratzen zen pribilejioa, aita ere noblea izateagatik (nahiz eta erregeak noble titulua eman zezakeen, berez noblea ez zen pertsona bati, eskertza moduan erresumari egindako zerbitzuengatik, bereziki gerran); kleroan, bokazioz sartzen zen baina nobleziako kideek erabateko lehentasuna zuten kleroko postu nagusietara heltzeko; hirugarren estatuan berriz, aberastasun handiko burgesak zein gaizkile arruntak biltzen ziren. Hala ere, ohikoa zen estamentu pribilegiatuek lursail handiak izatea, beraien mendean zeuden nekazariekin. XVIII. mendean, Antzinako Erregimenaren krisiaren ondoren, etorri zen estamentuen ezabapena, Frantziako Iraultzak bultzaturik, ekonomian gero eta botere handiagoa zuen burgesiak ekarritako exijentziekin etorri zen, nazioan zegokion zeregin politikoa aldarrikatu zuenean.