Estatistika ez-parametrikoa

Estatistika ez-parametrikoa estatistikako metodo berezi batzuen multzoari ematen zaion izen generikoa da. Metodo horien berezitasunak honako hauek dira: populazioko parametroak (adibidez, populazioko batezbestekoa edo bariantza) kontuan hartzen ez dituzten metodoak dira (eta hortik ez-parametriko izena); populazioaren banaketa zehatzari buruz inongo hipotesitik abiatzen ez diren metodoak dira (eta horrela, banaketaz askeak direla esaten da, ingelesez distribution-free); eta, abantaila gisa, neurketa-eskala guztietarako, baita ordinal eta nominaletarako ere, erabil daitezkeen metodoak dira (eta ez soilik ratio- edo tarte-eskaletan, metodo parametrikoetan bezala).

Metodo ez-parametrikoen abantailak haiek erabili behar izateko bete beharreko baldintza arinak, konputazio erraza, bereziki lagin-tamaina txikietarako (hain zuzen, bereziki informatika artean garatua ez zegoen garaian asmatu ziren metodo horiek), eta hala eta guztiz ere, metodo parametrikoen aldean duten antzeko zehaztasuna. Eragozpenak ere badituzte, ordea: datuetan jasotzen den informazio baliagarria alperrik galtzera daramaten metodoak dira eta metodo parametrikoek baino lagin-tamaina handiagoa eskatzen dute.