Estatu Jeneralak (Estatu Orokorrak)

Frantziako historian, Estatu Jeneralak edo Estatu Orokorrak Antzinako Erregimeneko asanblada orokorra zen, hiru estamentuak (noblezia, kleroa eta Hirugarren Estatua - hiriak ordezten dituena) biltzen zituena eta egoera larrietan erabakiak hartzeko monarkak deitzen zuena. Estatu Jeneralek ez zuten botere legegilerik eta besterik gabe hiru estamentuen iritziak jasotzeko deitzen ziren. Monarkak izendatzen zituen kleroaren eta nobleziaren ordezkariak, eta Hirugarren Estatua zen nolabaiuteko demokraziaz aukeratzen zen atala. Edonola ere, Estatu Jeneraletako kideak ez ziren zentzu hertsian ordezkariak, delegatuak baizik eta euren barrutietako iritziak eta kexak komunikatu baino ezin zuten egin. Hiru estamentu horietako ordezkariak estatu edo asanblada bereizietan biltzen ziren eta gero estamentu bakoitzak boto bana ematen zuen (vote par ordre), delegatuek ez zuten boto indibiduala ematen alegia. Kleroak eta nobleziak bat egiten zutenez, Hirugarren Estatuaren erabaki-ahalmena eskasa zen. Frantziako Iraultzak sistema hori ezabatu eta Asanblada Nazionala ezarri zuen, demokratikoki aukeratua eta diputatuen gehiengoz erabakitzen zuena.