Estigmak eta estigmatizazioa

Estigma (antzinako grezierazko stigma hitzetik, "punta duen objektu batekin egindako orban edo marka") gizarte harremanetan eragin negatiboa (diskriminazioa, bazterketa) dakarren ezaugarri pertsonal berezia da, gizarteko araua hausten duelako eta ondorioz sortzen duen estereotipoaren eraginez. Estigmak pertsona indibidualek pairatzen dituzten arren, egitate sozial bat osatzen dute, gizarteak edo gizataldeak hartzen badu estigmatzat pertsonaren ezaugarri berezi hori.  Estigmatizazioa berriz, estigma izateagatik pertsona bat baztertu eta diskriminatzeko prozesu soziala da. Hiru motako estigmak bereizten dira: estigma fisikoak (arau estetikoari jarraitzen ez dion itxura fisikoa ez izatea, akats fisikoak), izaerarekin loturiko estigmak (oso herabea izatea, adibidez) eta estigma tribalak (ijitoa izatea, adibidez).