Eszeptizismoa

Adiera arruntean, eszeptizismoa zerbaiti buruz zalantzak izan eta ziur ez dagoenaren, eta ondorioz horretan sinesten ez duenaren jarrera da. Eszeptizismoz jokatzen dutenak eszeptikoak dira. Filosofian, berriz, eszeptizismoa orokorrean edo arlo jakin batean ezagutza eskuraezina dela baieztatzen duen jarrera filosofikoa da, printzipio ukaezinetan oinarritzen den dogmatismoaren aurkakoa. Antzinako Grezian, skeptikos direlakoak egiaren bila dabiltzan haiek ziren. Ildo horretatik, Eleako filosofoek ukatu egin zuten errealitatea esperientzia arruntaren bitartez azal daitekeenik, Heraklitok ere unibertsoa etengabeko mugimenduan dabilela aldeztu zuen, eta beraz egia aurkitzeko ezintasuna aldarrikatu zuen. Xenofabes filosofoak, berriz, gizakia ezagutza egiazkoa eta faltsua bereizteko gai ote zen zalantzan jarri zuen. Jarrera horiek guztiak eszeptikoak dira, baina Sokrates izango zen eszeptizismoa jarrera filosofikotzat hartu zuen lehena, "ezer ez dakidala besterik ez dakit" bere esaldi entzutetsutik abiaturik. Sofistak ere eszeptikoak ziren, euren erlatibismotik, inongo iritzi eta ikuspunturik ukatzen zutenez. Azkenean, eszeptizismoa euren filosofiaren oinarritzat hartu zuen eskola filosofiko bat sortu zen Antzinako Grezian,  Pirron Eliskoa (K. a. 360– K.a 272) buru. Geroztik, jarrera eszeptikoak maiz agertu dira filosofiaren historian, eta gaur egugo postmodernismoak ere eszeptizismoa du ezaugarri nagusienetakotzat.