Euroeszeptizismoa, euroeszeptikoak

Euroeszeptizismoa Europar Batasunaren printzipio eta politiken aurkako diskurtsoen multzoa da. Horren ezaugarri nagusia erreaktiboa izatea da, alegia Europar Batasunaren aurka eratzen dela, proposamen positiborik gabe. Bereziki 1992ko Masstricht-eko Tratatuaren ondoren sortu zen diskurtso eta jarrera politikoa, hain zuzen Maastricht-eko Tratatuak dimentsio politiko berria ezarri zion ordura arte Europako Komunitate Ekonomikoaren batasunari, kanpo eta barne politika komunerako irizpideak finkatuz, eta ondorioz politika nazionalen autonomia murriztuz. Maastricht ondoren, Europako hainbat herrialdeetan Europar Batasunaren aurkako diskurtso gogorrak garatu ziren, Alemanian Alternative für Deutschland eta Frantzian Front National alderdi eskuindar erradikalen eskutik, tratatu horrek subiranotza nazionalak kolokan jartzen zituela argudiatuz. Geroztik, Europar Batasuna erasan duten krisialdi ekonomikoek eta ondoriozko arazo sozialek diskurtso euroeszeptikoak gogortu eta zabaldu dituzte, eskuin erradikaletik ezkerrera ere zabalduz, hala nola Greziako Syriza alderdi ezkertiarraren eskutik. Hala eta guztiz ere, euroeszeptizismoak badu ezaugarri komuna eskuinean nahiz ezkerrean, populismoa hain zuzen, orokorrean euroeszeptikoek herria eta nazioa aldarrikatuz, herritar xumeek krisi ekonomikoaren pairatzen duten egoera latza elite ekonomikoaren alde soilik diharduen Europar Batasunako politikari egotzita. Europar Batasunaren izatearen aurka diharduen euroeszeptizismo gogor honen ondoan, euroeszeptizismo biguna espektro politikoko gainerako alderdietara ere zabaldu da, Europar Batasunaren aurka ez baizik eta nazioei  inposatzen dizkien politiken aurka. Euroeszeptizismoaren arrakasta handiena Brexit 2016ko erreferenduma izan zen, non Erresuma Batuko herritarrei Europar Batasunetik ateratzea nahi zuten erreferendum batean galdetuta, euroeszeptikoek irabazi zuten. Brexit erreferendumak lurrikara politiko eta ekonomikoa eragin zuen Europar Batasunean, eta Batasunaren etorkizuna kolokan jarri duela esan daiteke.