Exenplarismoa

Exenplarismoa edo ejenplarismoa Platonen ideiak gauza guztien eredu edo arketipo direla baieztatzen duen teoria filosofikoa da. Agustin Hiponakoak bereziki garatu zuen teoria hori, Jainkoaren baitan dauden ideia horietatik, exenplu eta eredu, munduan diren eta izango diren gauza guztiak sortu zirela baieztatuz, ekitaldi bakar batez. Eredu edo exenplu horiek Platonen ideiak besterik ez dira, munduan diren eta izango diren gauza guztien forma. Gerora izango diren baina oraindik ez diren gauzen sorrera estoikoengandik eta gero neoplatonikoengandik jasotako rationes seminales direlako horietan oinarritzen da; hasieran sorturiko rationes seminales horietatik sortuko dira munduan izango diren gauza eta espezie guztiak, Adanengan  guztion arimak (haren jatorrizko pekatua barne) biltzen diren bezala.