Ez erran deus, Jon Arretxe: laburpena

Ez erran deus Jon Arretxek (Basauri, 1963) 2018an plazaraturiko eleberria, Touré protagonistatzat duen saileko seigarrena. Honezkero, Arretxek idazten jarraitu beharko lukeen hausnartzeari ekin beharko lioke. Enegarren eleberria idatzita eta, harrigarria bada ere, argitaratuta, Arretxek bere eleberriak borobildu ezinean dabil, eta iduri luke urtetan izan duen bulimia aldian sarturik jarraitzen duela. Okerrena da argitaletxeek, oraingo honetan Ereinen eskutik, jarraitzen dutela hari konfiantza ematen, seguru asko aise irakurtzen den liburua delako, bereziki literaturan irakurriak ez diren gazteentzat, eskolek ikasleek irakurri beharreko liburuen sailean sartuko delako esperantzarekin zalantzarik gabe. Guretzat ordea, aise irakurtzen den liburua bainoago, sinplekeriaz, eta areago nahaskeriaz, idatzirikoa da. Touré etorkin beltz bat da, Bilbotik ihesi Nafarroako iparraldeko herri batean erdi ezkutaturik bizi dena, artzain batentzat lanean. Herriko gorabehera ilunen artean nahasturik suertatzen da, eta hara, gosea pasa eta bizimodua aurrera nola atera ez dakien gizajo bat izatetik, bere buruarekin guztiz seguru, tinko eta gogor diharduen ikertzaile izatera garatzen da, herriko putiklubeko eszenan esaterako. Eleberriaren haria (hildako abere buruen agerpena errekan) alperrik luzatzen da orrialdeetan zehar, eta bat batean desegin egiten da (voilá!), idazleak haria garatzeko duen ezintasuna argi erakutsiz. Ezin ulertuzkoa da, halaber, idazleak Touréren kasuan erabiltzen duen hizkuntza-erregistroa, esamolde harrigarriak bere ezpainetan jarriz, etorkin beltz batek inoiz esango ez lituzkeenak. Hasierako etorkin babesgabe eta gizajoak erabakitasun xelebreaz hilko du bere etsaia, eta gero Frantziara ihes egingo du, eta motor baten gainean bitxidendak lapurtzen bukatuko du, Nafarroako Orbe herrian ezagututako prostituta baten laguntzarekin (egun gutxiren buruan ezin sinetsizko aldaketa). Finean, adabakiz eta  ezin ulertuzko biraketaz osaturiko eleberria da, seguru asko presaz idatzia, ganorarik gabe, eleberri bat argitaratzeak dakarren ordainsaria lehenbailehen sakelaratu irrikaz. Garai bateko kioskoko literatura lanen pareko lan ziztrina.

Laburpena

I. kapitulua

(1) Nafarroako Orbe herri txikian, gaueko iluntanean babesturik, ezezagun batek, burua txano batez estalia, burua mozten dio asto bati. Burua 4x4 auto batean sartu eta alde egiten du, Museren musikarekin.

(2) Biharamunean Isaak herrik alguazilak Tomas behizainari irekitzen dio atea. Tomasek astoa hil diotela dakien galdetu, Isaakek baietz, eta ea zerbait egiteko asmorik duen. Isaakek atea ixten dio, bere kontuekin nahiko lan duela esan ondoren.

(3) Hala ere, hortik gutxira Tomasen bordara joan eta astoaren gorpua jada han ez dagoela konprobatu, beste arrastoei so egin, eta Tomasen autoa Julian artzainaren bordan dagoela ikusten du bertatik.

(4) Julian agurearen bordan Tomasek Touré ardien titietatik esnea edaten ikusten du. Julianek astoa hil diona zein den jakitera heltzen bada, dirutza ordainduko diola esaten dio Touréri. Touré ea zergatik ematen dion lan hori berari; eta Tomasek herrian polizia asko eta sobera dutelako eta alguazila lotsagabea delako. Badaki gainera Touré detektibe, ikertzaile edo saltsetan sarturik egoten den horietakoa dela. Tourék hori nondik atera duen bere buruari galdetu, ertzainak atzetik Nafarroan lasaiago ibiliko zelakoan, eta Adamak esanda izango ote den pentsatzen du.

II. kapitulua

(1) Adama pateraz elkarrekin egin zuten bidaiatik ezaguzten du. Patera irauli eta beraiek izan ziren bizirik atera irten bakarrak. Adamak Nafarroa iparraldeko Orbe herrira joan zen, eta gasolindegi batean egiten du lan. Touré Bilboko San Frantzisko auzoan bukatu zuen, baina hango giro nahasiaren ondorioz ertzainekin  izan dituen arazoen ondorioz, handik ihes egin eta Adamari laguntza eskatu zion. Adamak herriko Julian artzainaren lana proposatu zion. Eta hala hasi zen artzain Orbe herrian. Julian zaharrak ez dio ezer ordaintzen, noizean behin billeteren bat, jana eman bakarrik, eta hori ere eskas. Adamak gutxienez soldata txiki bat hartzen du gasolindegian.

(2) Touré Adamak lan egiten duen gasolindegira doa kafea hartzera. Adama nahiko ongi moldatzen janariarekin, bezeroek ekartzen dizkioten produktuekin eta. baino Tourék arroza jaten gehien bat, ez da kexatzen Burkina Fason, bere herrian, askoz ere okerrago zegoelako. Tourék kontatzen dio Tomasek berari agindu diola asto buruaren auziaren ikerketa, Adamak erantzuten dio dirurik ez diola emango Tomasek, zeken hutsa dela. Tourék kontatzen dio aditu zuela motor baten hotsa, seguru asko 4x4 bat, eta musika bizi altua. Adamak laguntza eskaintzen dio ikerketan.

(3) Lantokira itzultzen da Touré. Julian lanean dago gaztandegian, han sartzen ez dio uzten, gaztak baliotsuak dira eta lapurtu egingo ote dizkion mesfidantzaz. Arkumeen artean bat falta dela sumatzen du. Julian atera eta zertan ari den dio, lanean beharko lukeela, Touré dio herrira joan behar izan duela. Julian obsesionaturik dago bere ardien arraza puruarekin, latxak dira, eta ez du inolaz ere beste arraza batekin nahastu nahi. Garbitasunarekin ere kezkatuta dago, eta dena txujun edukitzeko esaten dio Touréri. Bere arrazari buruzko mespretxuzko komentarioak egiten dizkio Touréri, eta Touré burua galtzen ari dela ere uste du, izpirituetan eta sinesten duelako.

III. kapitulua

(1) Biharamunean, Tomasek hiru gazta harategira eta beste hiru dendara eramateko esaten dio. Bizikletaz doa. Harategira joan da aurrena, han utzi, baina harakinak daramazkien beste hiru gaztak dendarako diren galdetzen dio. Tourñek baietz, eta harakinak egun batean salatu egingo duela esaten du, dendari ez dagozkion produktuak saltzeagatik. Berak ere baditu ordea barazki eta bestelakoka, harategi bati ez dagozkionak. Begira geratzen da Touré eta harakinak ez du alde egiten, berarekin ez da eta fidatzen. Betikoa, Tourék pentsatzen duenez.

(2) Touré herriko dendara doa ondoren. Idoiak lan egiten du hor. Herrian Touré modu atseginean tratatzen duen pertsona urrietako bat da. Dendaren nagusia Idoiaren izebat da, eta Touréri galdetzen dio eta harategian ere utzi dituen gaztak, Tourék baietz, eta barazkiak ere salgai dituen galdetzen dio, baina Tourék dio ez dela fijatu. Joan aurretik, Idoiak pastel batzuk ematen dizkio debalde ezkutuan.

(3) Ondoren, bizikleta utzi eta erreka bazterrera doa karramarro  bila. Adreilu zuloetan miatzen du bereziki, baina gutxi harrapatzen ditu. Soka mutur bat ikusi, tiraka egin, eta sekulako sustoa hartzen du: hildako astoaren burua da, karramarroaz beteta. Uretara erortzen da.  Sustoa bukatu eta horko karramarro batzuk hartzen ditu. Ez daki zer egin, Juliani kontatu edo isilpean eduki. Bitartean asto burua uretara itzuli du. Arropak lehortu, burua berriz atera, eta orain bai, karramarro pila ateratzen du. Bordara itzultzen da, karramarroekin, eta han beste arkume bat desagerturik dagoela ikusten du.

(4) Adamaren gasolindegira doa, harekin karramarroak saltsan afaltzera. Asto buruarena kontatzen dio. Ezkutatzeko bota zuten ala karramarroak harrapatzeko? Karramarroak ardoarekin jaten dute, Adamak gasolindegiko dendatik hartutakoa. Touréren ze suertea duen esaten dio. Tourék kezka du galdutako arkumeekin, eta  bi arkume lapurtu eta haien lekuan jartzea pentsatzen du.

(5) Julian artaldean ordezko arkumeak jartzeko asmoari ekiten dio Tourék, Adama aurka azaldu zen arren. Gaua da, bizikletaz doa, eta musika altuarekin eta oso azkar doan auto batek harrapatu egiten du. Touré lurrera bota du, zauri larririk ez duen arren, eta bizikleta ia guztiz hondaturik geratzen da. Herriko apaiza da. Neska batekin doa autoan, etxea garbitzen diona apaizak dioenez, baina garbi dago prostituta dela. Apaizak anbulantzia etortzeko deitu nahi  du, baina Tourñek ezetz. Azkenean, apaizak biharamunerako gonbidatzen du bazkaltzera, ordurako hobeto egongo den jakin nahi duelako. Ez erran deus esaten dio apaizak Touréri.

(6) Touré Julinaen bordara heltzen da, ahal bezala, bizikleta hondatuarekin. Atsedena hartzeko gogoa du, baina buruan darabilen asmoa burutu behar du, arkumeak lapurtzea, Julian bere nagusiaren artaldean falta diren biak ordezteko. Herriko beste puntan dagoen borda batera joan, eta hango arkumeen bila hasten direnean, erasoka du atzetik hango txakur handiak. Eraman duen aizkorarekin buruan jo eta akatu egiten du. Arkume bi hartzen baditu, baino alde egin baino lehen, zera egiten du: txakurrari burua moztu eta eta burua errekara bota. Arkumeak eskorgan (karretillan) sartu, Julianen bordara eraman, eta han askatu egiten ditu, beste arkume eta ardiekin.

IV. kapitulua

 

LANEAN (49 orrialde 172tik eginak)

Pertsonaiak, tokiak eta abar

  • Orbe, eleberriko herria.
  • Isaak, herriko alguazila
  • Tomas, artzaina, Touréren nagusia
  • Julian, behizaina, bere astoari burua moztu diotela abiatzen da eleberria
  • Adama, Touréren lagun senegaldarra. Hari esker heldu da Orbera.
  • Idoia, herriko dendako langilea, bertako nagusiaren iloba.
  • Yareliz, putetxeko emagaldua, apaizaren neskalaguna.