Fisher tasa (Fisher ebakidura)

BEG edo balio eguneratu garbiaren kalkulua deskontu tasa ezberdinetarako kalkulatzen denean, BEG kurba eskuratzen da. Elkarrekiko bateraezinak diren bi inbertsio proiektu alderatu behar direnean, horien BEG kurbak eratu eta alderatu daitezke: A proiektuaren kurba B proiektuaren kurbaren gainetik badago, A proiektua da garatu beharrekoa, zalantzarik gabe, deskontu tasa guztietarako. Gerta daiteke ordea bi BEG kurbak ebakitzea, eta orduan bi BEG kurben ebakidura puntuko deskontu tasari Fisher tasa edo Fisher ebakidura deitzen zaio: Fisher tasatik beherako deskontu tasetarako proiektu bat izango da hobea, eta Fisher tasatik gorako tasetarako bestea. Beste alde batetik, Fisher ebakidurak alderatzen diren inbertsio proiektuen berezitasun bat uzten du agerian: Fisher tasatik beherako deskontu tasetarako, balio eguneratu garbiaren (BEG) eta barne errendimendu tasaren (BET) irizpideek soluzio ezberdinak ematen dituzte. Itxurazko kontraesanak badu azalpen garbi bat: BEG irizpideak diru fluxuak ezarritako deskontu tasaren arabera deskontatzen dituen bitartean, BET irizpideak BET tasaren arabera deskontatzen ditu. Kontraesanaren ebazpena argia da: Fisher ebakidura gertatzen denean, BEG irizpideak hobesten duen inbertsioa proiektua aukeratu behar da, BET irizpidea baztertuz.


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Fisher tasa (Fisher ebakidura)"; Gizapedian, urtarrila 18, 2019, https://gizapedia.hirusta.io/fisher-tasa-fisher-ebakidura/.