Garapena eta azpigarapena

Garapen ekonomikoa eta azpigarapen ekonomikoa makromagnitude eta adierazle ekonomikoei begira ezartzen diren kategoriak dira. Hain zuzen, garapen ekonomikoa percapita errenta altuarekin, lehengai eta produktu batzuen kontsumoarekin (zementoa, ordenagailuak), errepide-kilometro kopuru eta orokorrean hazkunde ekonomikoarekin lotzen diren aldagaiekin lotzen da; azpigarapen ekonomikoa aurreratu edo normaltzat hartzen ez diren aldagai horien balioetara heltzen ez den egoera ekonomikoa litzateke, errenta eta kontsumo balio txikiekin, beste herrialdeen aldean. Herrialde garatuak eta herrialde azpigaratuak sailkapen arrunt baten emaitza lirateke, alde biko errealitate bat alegia. Ezberdintasun edo dikotomia hori ezabatu edo apaldu nahian, tarteko beste kategoria batzuk eratu dira, hala nola garapen bideango herrialdeak. Edonola ere, bereizketa guztiz kuantitatiboa dela suposatzen da irizpide horien arabera, eta inplizituki hazkunde ekonomikoa, herrialdeak azpigaratuak izatetik garatuak izatera eramaten duena, prozesu lineala eta homogeneoa dela. Azpigarapena, beraz, behin behineko egoera litzateke, azkenean, beharrezko baldintzak betez gero, garapenera eramango lukeena. Ikuspuntu horiek teoria neoklasikoaren baitan biltzen dira, eta horietan eredu teoriko zabalduena W. Rostow-ek 1950eko hamarkadan plazaratu zuena izan zen, gizarte tradizional batean hasierako baldintza batzuk beteta, hala nola kapital-metaketa, baliabide naturalen ustiapena, giza kapitala, azpiegiturak eta nekazaritza produktibitatearen gehikuntza, abiatze-aldi zabaltzen duena, inbertsio produktiboaren hazkundearekin eta lan indarra nekazaritzatik industriara eramatearekin, egitura politiko eta instituzional egokiekin batera; azkenik, heldu-aldia iritsiko litzateke, zerbitzuen sektorearen garapena, masa-kontsumoaren gizartearen baitan jada.1

Rostow-en eredua eta beste eredu neoklasikoek kritikak jaso dituzte, bereziki XX. mendearen bigarren erdialdean izandako hamarkada galduen ondoren. Teoria neoklasikoen aurkako ebidentzia nagusitzat herrialde azpigaratuetan hazkunde ekonomiko iraunkorra izan arren, herrialde horiek  herrialde garatuen bizitza-mailara nekez iristen zirela hartu da. Izan ere, hazkunde ekonomikoa bezain garrantzitsua da, kritika horien arabera, hazkunde ekonomiko horrek sortzen duen aberastasunaren banaketa. Areago, garapena eta azpigarapena elkarri lotutako prozesuak lirateke, azpigarapena garapen kapitalista desegoki baten ondoriotzat hartuz. Azpigarapena eta garapena ez lirateke baldintza endogenoen ondorioa, baizik eta mundu mailako egitura politiko eta ekonomikoen ondorioa. Ildo horretatik zentro eta periferiaren teoriak plazaratu dira, mundu mailako ezberdintasun sistemikoak azaltzen dituztenak.2

Erreferentziak

1.
Méndez R, Molinero F. Concepto y caracterización del desarrollo. In: Espacios y Sociedades. Ariel; 1984:37-59.
2.
Martínez HE. DESARROLLO, SUBDES ARROLLO Y TEORÍAS DEL DESARROLLO EN LA PERSPECTIVA DE LA GEOGRAFÍA CRÍTICA. scielo.org.arg. http://www.scielo.org.ar/pdf/reh/v7n2/v7n2a05.pdf. Accessed 2017.