Garapenerako lankidetza

Garapenerako lankidetza herrialde aberatsetatik herrialde azpigaratuen garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeko antolatu eta gauzaturiko ekimenen multzoa da. Lankidetza deitzen zaio, herrialde aberatsek batera, zoritxarrez ez beti lankidetzan edo koordinaturik, buruturiko ekintzak biltzen dituelako. Benetan garapenerako den ere eztabaidatsua da, askotan emandako laguntza herrialde pobre horien kolonizazio modu bat izan delako, herrialde aberatsek herrialde pobre jakinetan dituzten interes ekonomiko eta geopolitikoak ezkutatuz. Izan ere, XX. mendearen bukaerara arte, herrialde aberatsetako gobernuetatik bideratutako laguntza izan da. Egun ordea, laguntza emaileen protagonismoa aldatu da, eta bereziki erakunde zibilek (Gobernuz Kanpoko Erakundeak, fundazioak, ...) bideraturiko lankidetza dela esan daiteke. Aldi berean, garapenerako lankidetza modu irekiagoan ulertzen da, eta garapen ekonomikotik haratago, pobreziaren aurkako borrokatu, desberdintasun sozialak murriztu, gizarte bidezko eta ekitatiboagoak garatu eta, labur esanda, giza garapena sustatzeko ekintzak biltzen ditu.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, cooperación al desarrollo.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Garapenerako lankidetza"; Gizapedian, 3 ekaina, 2021, https://gizapedia.hirusta.io/garapenerako-lankidetza/.