Gastu publikoa

Gastu publikoa administrazio publikoek estatuaren eta herritarren beharrak asetzeko jartzen duten diru kantitatea da, aurrekontu publikoetan ezarritakoaren arabera eta gehienetan urtebeteko epe bati begira. Gastu publikoaren gehikuntzak hazkunde ekonomikoa suspertzen du, zuzenean nahiz zeharka, baino inflazioa gehitu eta zor publikoa handitzeko arriskua dakar. Gastu publikoari buruz sailkapen batzuk erabiltzen dira: sailkapen organikoak gastua estatuko erakundeen arabera sailkatzen du (estatua, gizarte segurantza, erakunde autonomoak, ...); sailkapen ekonomikoak gastu korrontea, kapital-gastua (inbertsioak) eta gastu finantzarioa (maileguak eta zor publikoaren amortizazioa) bereizten ditu; sailkapen funtzionalak azkenik, gobernuak ezarritako helburuen arabera banatzen ditu gastuak, hala nola zerbitzu publikoak, gastu soziala eta abar bereiziz.