Genero-alborapena

Genero-alborapena pertsona edo kolektibo bati buruz bere generoagatik sortu eta zabaldu egiten diren aurreiritzi eta estereotipoek, sexismoan oinarrituta, hainbat arlotan sortzen dituzten desberdintasun, inbisibilizazio eta diskriminazioen multzoa da,  hala nola politika publikoetan, ikerketa zientifikoan, lan arloan nahiz gizon eta emakumeen arteko harremanetan. Batzuetan, genero-alborapena ez da kanpotik inposatzen den egoera, norberarengan gertatzen den barne kolonizazio baten bitartez, gizarte rolak inkontzienteki onartuz esaterako.

Zentzu hertsiagoan, genero-alborapena emakumeak, gizonak eta beraien arteko genero-harremanak aintzat hartzen ez dituen edonolako erabaki, politika edo ikerketa da. Ikuspegi horretatik, hiru dira genero-alborapena sortzeko mekanismoak (Margrit Eichler, 2001): androzentrismoa, gauzak gizonen ikuspuntutik ikusten dituena; genero-sentikortasun eza, gizon eta emakumeem arteko desberdintasun kontuan hartzen ez dituena eta estandar bikoitzak, aurrekoaren aurkakoa, gizon eta emakumeetarako irizpide desberdinak ezartzen dituen ikuspegia.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, gender bias; gaztelaniaz, sesgo de género.