Gizarte zibila

Gizarte zibila estatuaren jardunetik bereizten esfera sozial eta publikoa da, hala nola gizarte mugimenduak, elkarteak eta edonolako ekimen sozialak biltzen dituena. Gizarte zibil terminoa XX. mendera arte zabaldu ez bazen ere, aspaldikoak badira horri buruzko erreferentziak; hain zuzen, John Locke filosofoak gizarte zibil idealaren ideia zabaldu zuen XVII. mendean, kontratu sozialak eratua, non estatuak jabetza-eskubideak eta askatasun ekonomikoa babesteko soilik jarduten duen; beste alde batetik, John Stuart Mill ekonomialari politikoak askatasun eta eskubide zibilak gaineratu zizkion askatasun ekonomikoari gizarte zibila izan behar dena definitzeko. XX. mendean zehar indartzen joan da gizarte zibilaren rol politikoa, eta egun estatuarekin eta administrazio publikoarekin batera erabaki politiko eta ekonomikoak hartzen dituzten eragile sozialen multzo gisa definitzen da, deszentralizazio ekonomiko eta politikoa sustatze aldera.