Gobernantza

Gobernantza publikoa edo besterik gabe gobernantza (ingelesezko governance hitzetik) estatu, gobernu eta administrazio publikoen ekintza eta jarduera egoki eta zuzena, bereziki  politika publikoak herritarren zerbitzura zuzendu eta herritarrekin eta beste gizarte aktoreekin batera sortu, garatu eta ebaluatzen diren ikuspegitik. Bereziki 1990eko hamarkadatik zabaldutako kontzeptua da (kontzeptu akademikoa 1993 urtean sortu zen lehen aldiz Jan Kooiman herbeheretarrak zuzendutako lan kolektibo batean) , gizartean sortutako arazo eta dinamikak konplexuago bilakatu eta gizartea anitzagoa den heinean. Horren aurrekariak 1970eko hamarkadan daude ordea, Herbehereetan eta Alemanian politika publikoetako aditu batzuek, Kooiman barne, gobernuetan atzeman zituzten akats eta gabezien ondorioz. Ildo horretatik, gobernantza demokrazia kontzeptuaren sakontzearekin loturik dago, demokrazia partehartzailearen alde, eta gobernua hierarkia moduan bainoago, saretzat hartzen duena, eragile sozialen arteko lankidetzan oinarritua.