Gutunak

Gutun baten gutunazala, hartzailearen izen eta helbidearekin, eta zigiluarekin.

Gutuna pertsona edo erakunde batek beste bati bidaltzen dion mezua da, paper batean idatzia orokorrean. Praktikan funtzio berbera betetzen badute ere, posta elektronikoz bidaltzen diren mezuak ez dira gutunak, emailak edo posta elektronikoko mezuak baizik. Beraz, adiera hertsian eta fisikoan, gutunak paperean idatzita daude, eta gutunazal deitzen den paperezko estalki baten barruan sartzen dira. XIX. mendetik posta-zerbitzuak arduratzen dira gutunak jaso eta pertsona hartzailearengana helarazteaz, horretarako zigiluak adierazten duen prezioa ordainduz. Gutunazalaren aurreko aldean, gutunaren hartzailearen izena eta helbidea zehazten dira, nori zuzentzen zaion gutuna, eta atzealdean (batzuetan aurreko aldearen goiko izkin batean) igorlearen izena. Hartzailaren eta igorlearen izena zehazteaz gainera, gutunazalaren funtzioa hartzailearen nahiz igorlearen pribazitatea atxikitzea da, haietatik aparte gutuna inor ez irakurtzea alegia.

Denetariko gutunak daude: gutun formalak, besterik gabe informazioa jakinarazten dutenak, eta gutun informalak eta pertsonalak, senitarteko, lagun eta maitaleen artekoak, kontu gutxigorabehera intimoak azaltzen dituztenak, hala nola amodio-gutunak, bidaia baten gorabeherak kontatzeko gutunak, barkamen-gutunak.

Gutuna literatura-generoa dela ere esan daiteke. Gutunak maiz agertzen dira eleberrietan, eta batzuetan gutuna bera ere literatura-lan oso bat osatzen du, bereziki antzinaroan. Antzinako gutun literario horiei epistola deitzen zaie, eta haietan ezagunak dira Paulo Tarsokoaren epistolak, Bibliako atal oso bat osatzen dutenak, eta Senekaren Luziliori gutunak bilduma.