Habitus (definizioa eta kontzeptua)

Habitus-a Pierre Bourdieu soziologoaren (1930-2002) teoriaren oinarrizko kontzeptuetako bat da, eremu sozialarekin eta kapital sinbolikoarekin batera, eta gizabanakoak, gizataldeek eta gizarte klaseek onartu egiten dituzten erregela, modu, disposizio eta eskemen multzoa da, pertsonaren pertzepzio, sentimendu eta portera eragiten dituztenak, prozesu horren benetako kontzientzia hartu gabe. Habitus-a norbanakoak, taldeak nahiz instituzio sozialek eratzen dute, eta horren arabera jokatuz indartu eta bilakatu egiten da denboran zehar, norbanako, talde eta instituzio horien arteko elkarreraginaren bitartez.

Jatorrian, ordea, ez da Bourdieuk berak asmatutako terminoa: Tomas Akinokoak eta Boeziok baliatu egin zuten Aristotelesen hexis kontzeptua latinera itzultzeko. Hexis, filosofia aristotelikoan, potentziatik aktura bitarteko kontzeptua litzateke, orokorrean gizakiok dugun potentzialitatea ekintza konkretuetan gauzatzeko mekanismoa; baita kanpotik barnerako bitarteko bat ere, gizakiok kanpokoa barneratzeko baliatzen dugun prozesua alegia.

Bourdieuren birformulazioak soziologiaren objektibismoari nahiz subjektibismoari egiten die aurre. Haren iritziz, soziologiaren teorizazio objektibistek gizabanakoaren rola gutxietsi, eta areago ezabatu, egingo lukete. Subjektibismoak, berriz, egitura eta erakunde sozialen rolak gutxiesten du, gizabanakoaren rola eraketa sozialean nabarmenduz. Gizabanako-gizarte dikotomian, bataren ala bestearen alde egin ordez, Bourdieu-k biak uztartu egiten ditu, gizabanakotik at dauden egitura sozialak (eskola, ...) alde batetik, zein gizabanakoak berak barneratutako eskemak bestetik, bere pentsamendurako eta ekintzarako baliatzen dituenak. Gizabanakoak jasotako eskema horien multzoak osatzen du habitus-a. Hala, gizabanakoaren jarduna ez litzateke askea eta aldi berean gizanabakoak berak erabakia litzateke, habitus-a gizabanakoaren erabakien hasierako jarrera-iturburua delako, baina ezta ere erabat determinatua, iturburu hori gizabanakoaren arabera aldakorra delako, gizabanakook praktika ezberdinak ditugunez, egitura sozial berean hazita ere.

Ikus, gainera