Hazkunde ekonomikoa

Hazkunde ekonomikoa eskualde edo herrialde baten produktuaren, zehatzago Barne Produktu Gordinaren, gorakada iraunkorra da. Orokorrean, hazkunde ekonomikoak herrialdeko aberastasuna handitu eta bertako herritarren bizimodua hobetzen du, eta epe luzera garapen ekonomikoa eta giza garapena bideratzen lagundu. Hala eta guztiz ere, desberdintasun ekonomikoak handiak direnean, gerta liteke hazkunde ekonomikoa klase aberatsei eta enpresa handiei beste inori mesede egitea, klase txiroak hazkunde horretatik bazterrean utziz. Historian zehar, XIX. eta XX. mendeak izan dira hazkunde ekonomiko handieneko aroa, Industria Iraultzaren eta kontsumo eta informazio-gizartearen garapenaren ondorioz. Hazkunde ekonomikoaren dinamika aztertzen duen eredu nagusia Solow eredua (1956) da, hazkunde ekonomikoaren eredu neoklasikoa ere deitua.