Hertsapena edo koertzioa

Koertzioa edo hertsapena estatuak legea eta bere agintea inposatzeko erabiltzen duen indarraren mehatxua da. Batzuetan adiera zabalagoan erabiltzen da, sistema politiko batek askatasunaren kaltetan ezartzen dituen muga, oztopo, kontrol eta errestrikzio gogorrak izendatzeko, koertzitiboak edo koertzioz ezarritakoak direla adieraziz. Koertzitiboa, beraz, askatasunaren aurkakoa den oro litzateke adiera zabal horretan (adibidez, Marxek kapitalismoa sistema koertzitiboa dela baieztatzen duenean). Eztabaidatsua da gizarteak ezartzen duen koertzioaren legitimitatea; adibidez, koertzioaren aldekoek gizartearen ongizatea lehenesten dute indibiduoaren askatasunaren gainetik. John Stuart Mill filosofo politikoak (1806-1873), koertzioa mugatu beharra ikusi eta, baieztatu zuenez, gizarteak indibiduoari inposatzen dion koertzioa bere jokabidea besteen askatasun eta interesen aurkakoa denean baino ez dago justifikatuta.