Hipotesiak

Hipotesiak fenomeno bateko elementu, ezaugarri eta erlazioei buruzko aieru, susmo, uste edo ideiak dira, ikerketa abiarazteko abiapuntu eta oinarritzat hartzen direnak; ikerketaren helburua hipotesiak baieztatzea da. Modu egokian planteaturiko hipotesiek ikerketa objektibitatez garatu eta ikerketaren helburua zehazten dute; aldi berean, eratu beharreko teoriaren nonodik norakoak finkatu eta jaso beharreko datuak zein izan behar diren ezartzen dute. Hipotesiak jakintza zientifikoa garatzeko baliatzen den metodo hipotetiko-deduktiboaren oinarrian dago.

Hipotesi zientifikoak eratzeko baldintzak hauek izan beharko lirateke:

  • hipotesiak egiaztagarriak izan behar dira, hau da, datuak jasota hipotesia egiazkoa edo faltsua den adierazteko gai izan behar gara; ildo horretatik, hipotesiak faltsugarriak ere izan behar dira hasieratik, hau da, posible izan behar da hipotesia faltsu egiten duten datuak jasotzea;
  • hipotesiak teoria baten baitan garatu behar dira;
  • hipotesiak zehatzak, sinpleak eta espezifikoak izan behar dira.