Hirugarren estatua

Hirugarren estatua feudalismo eta Antzinako Erregimen garaiko estamentuetako bat zen, noblezian eta kleroan ez zeudenak biltzen zituen. Biztanleriaren zati handiena osatzen zuten, nobleziak eta kleroak ez bezala ez zuten inongo pribilegiorik eta beraz monarkaren subdito hutsak ziren. Oso talde heterogeneoa zen, baino nekazariek osatzen zuten gehienbat, izan jopu izan lurjabe txikia, garai hartan nezakaria zenez sektore ekonomiko nagusiena; hiriko langileak ere biltzen zituen, morroi, artisau eta bestelako lanbideak. Hirugarren estatuan biltzen ziren hiritar langile horiek gero eta indar eta botere ekonomiko handiagoa lorzten hasi ziren eta burgesia izeneko taldea osatu zuten. Hirugarren estatuko burgesia horrek botere politikoan gero eta parte hartze handiagoa eskatzen joan zen, XVIII. mendearen bukaera aldera eta Frantziako Iraultzaren eraginez, estamentuen gizartea krisian jarri eta Antzinako Erregimenari amaiera eman arte.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, Third Estate; frantsesez, tiers état; gaztelaniaz, tercer estado, estado llano.