Hirugarren industria-iraultza

Robotika izan da hirugarren industria-iraultzaren eragile nagusi bat. Irudian, robotak lanean auto-lantegi batean.

Hirugarren industria-iraultza 1970eko hamarkadatik eta XX. mendea bukatu arte garatu ziren aldaketa teknologiko eta produktiboen multzoari eman zaion izena da. Aipatu behar da 1970eko hamarkadan mundua krisialdi ekonomiko larri batean murgildurik zebilela, 1973 petrolio-krisiaren ondorioz, eta XX. mendean zehar garatu zen eredu produktibo fordista ere gainbeheran zegoela. 1970-80 arte industria astuna izan zen gainera ekonomiaren eragile nagusia.

Aldi berean ordea, mikroelektronikak eta informazio eta komunikazio-teknologia berriek aukera-leiho berri bat zabaldu zuten industria-prozesuak berritu eta produktu eta zerbitzu berriak merkaturatzeko.  Sistema kapitalistak ez zuen aukera galdu eta produktibitatea eta gainbalioa gehitzeko aipaturiko sektoreak jarri zituen abiada bizian, beste sektoreen  gainbeherari buelta emateko, bereziki 1980ko hamarkadatik: ordenagailuak, gailu elektronikoak, sektore aeroespaziala eta robotika. Beraz, esan daiteke industria astunetik (siderurgia, zementoa, petrokimika) industria arinerako jauzi bat ekarri zuela hirugarren industria-iraultzak.  Teknologia berri horien eskaria nabarmen handitu zen enpresa zein familien artean, eta horien erabilera ekoizpen-prozesuetan automatizazioa areagotu zuen, produktibitatea gehituz. Petrolio-krisia gainditzeko berriz, energia nuklearra izan zen euskarri handiena mendebaldeko herrialdeetan urte horietan.