Historia (definizioa)

Historia iraganeko gertaerak eta egitura sozialak ahalik eta modu objektiboenean jaso eta aztertu egiten dituen gizarte-zientzia da. Halaber, iraganeko gertaerak azaldu, kontatu edo erakutsi egiten dituen lan edo bilduma historia dela esaten da (adibidez, idazle batek idazlan batean herri bateko historia azaltzen duela esaten da, eta museo bateko artelanek herrialde bateko historia jasotzen dutela).

Historia nola jasotzen den eta nola ikertu behar den aztertzen duen arloa historiografia da. Ildo horretatik, antzina historia gertakarien zerrenda hutsa zen bitartean, eta iraganaren informazio hutsa eta erregistroa helburu bakarrak, egun gertakari horiek lotu, testuinguru batean jarri eta aztertzea da historiaren metodo onartuena, eta hori guztia historiaren egiazko helburuak lortze aldera: garai historikoak aztertu eta interpretatu, gertakari historikoen inguruko kontzientzia kolektiboa eratu, historiak erakusten duen aniztasun kulturala zabaldu, etorkizuna behar bezala landu eta prestatu eta gertakari historikoei buruzko ahalmen kritikoa landu. Izan ere, gertakari eta egitura historikoak prozesu eta joera luzeen baitan kokatzen dira, gizarteen bilakaera markatzen dutenak. Horregatik da hain zuzen historia lehen mailako gizarte zientzia: gertakari historikoak modu dinamikoan biltzen ditu, eraketa, desegite eta moldatze eta birmoldatze prozesuetan kokatuz.