Historizazioa (Bertolt Brecht)

Historizazioa Bertold Brecht antzerkigileak (1898-1956) historiak antzezpen batean izan dezakeen eraginari buruz landutako kontzeptua da. Brechten arabera, antzezpena ez da berdin jokatzen eta publikoaren aldetik interpretatzen da une desberdinetan, ikuspuntu historikoaren eraginez. Brechten arabera, aktoreek (eta obraren zuzendariak) fenomeno hori kontuan hartu eta ahalegina egin beharko lukete ikuspuntu desberdin horiek azalarazteko, oraina ukatu gabe, ikuslegoa ikuspuntu historikoen eta euren ikuspuntuaren erlatibotasunaz jabe egin dadin. Gaien aukeraketarekin ere badu zerikusirik historizazioak: egungo gai sozial bat ikuspuntu kritiko batez ikusaraztea zaila izan daiteke, egungo ikuspuntutik, eta kritika pizteko baliabide bat iraganeko gaiak edo gai historikoak hartzea izan daiteke.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, historicisation; gaztelaniaz, historización.