Hitzarmen kolektiboak

Espainian, Langileen Estatutuaren ondoren, hitzarmen kolektiboak dira langileen eta enpresarien arteko lan harremanak ezartzen dituzten arau nagusiak. Langilearen produktibitatea (ordutegiak, lan eta jai egunak), lansaria eta langileen eta enpresarien gainerako eskubideak eta betebeharrak zehazten dituzte.

Sindikatuen eta enpresarien ordezkarien artean adosten dira, eta hortik hitzarmen hitza, eta normalean urtebeteko iraupena dute, eta adostasun ezean, luzatu egiten dira. Derrigorrez aplikatu eta bete behar dira: enpresariak langile bat kontratatzen duenean, derrigorrez aplikatu behar dio dagokion hitzarmen kolektiboan ezarritakoa. Hitzarmen kolektiboen aplikazio esparrua enpresa (edo enpresako langile mota bat), enpresa multzo bat edo esparru geografiko bat (herria, probintzia, komunitate autonomoa edo nazio osoa) izan daiteke, beti sektore ekonomiko edo langile tipologia bati buruz; adibidez Bizkaiko metal sektoreko langileei buruzkoa izan daiteke.