Hizkuntza ekintzak: lokuzioak, ilokuzioak eta perlokuzioak

J. L. Austin ingeles filosofoak (1911-1960) 1955 urtean Harvardeko Unibertsitatean emandako ikastaroko oharretan oinarrituta, How to Do Things with Words lana argitaratu zen 1962 urtean. Ikastaro horretako bederatzigarren eskolan lokuzio, ilokuzio eta perlokuzio kontzeptuak definitu zituen, hizkuntza ekintza deritzon kontzeptu orokorraren baitan.

Askotan hitz egitean sortzen duguna ez da orokorrean soilik esaten ditugun hitzen multzoa eta horien esanahia, hitz egiteak esanahi literalaz haratagoko helburuak eta efektuak ditu. Adierazpen horiei, zehazkiago, Austinen terminologian, adierazpen performatibo deitzen zaie. Horren esanahi, helburu eta efektuen multzoa, adierazpena bere osotasunean hartzen badugu, da hizkuntza ekintza. Horren barruan hiru maila bereizten dira:

  • Austinen arabera, lokuzioak, ekintza lokutiboak eta ekintza lokuzionarioak ere deituak, besterik gabe esaten ditugun horiek dira, esaldi baten esanahi literala. Adibidez, "euria ari du" esatean, euria ari duelako egitatearen adierazpena, besterik gabe, hizkuntza ekintzaren ekintza lokutiboa da.
  • Ilokuzioa (ekintza ilokutiboa edo ilokuzonarioa) adierazpenaren asmoa da, adierazpen horren bitartez lortu nahi dena. Adibidez, "euria ari du" hizkuntza ekintzan, ekintza ilokutiboa solaskideak aterkia hartzea nahi izatea da.
  • Azkenik, perlokuzioa (ekintza perlokutiboa edo perlokuzionarioa) adierazpen horren efektua da, adierazpen horrek sorrarazten duen ekintza. Adibidez, "euria ari du" hizkuntza ekintzan, ekintza perlokutiboa solaskideak aterkia hartzea (edo ez hartzea, bestea gezurtia dela edo modu desegokian esan duela pentsatzen badu).