Homosexualitatea eta homosexualak

Artikulu hau gizakien homosexualitateari buruzkoa da.

Homosexualitatea sexu bereko pertsonenganako sexu-orientazioa da, hots sexu bereko pertsonenganako erakarmen sexuala, erotikoa edo erromantikoa. Beste bi sexu-orientazio kategoriko nagusiak heterosexualitatea (beste sexuko pertsonenganako erakarmen sexuala sentitzen denean) eta bisexualitatea (bi sexuetako pertsonenganako erakarmena sentitzen denean) dira. Edonola ere, homosexualitatea eta heterosexualitatea erakarmen sexualaren ardatz bateko bi muturrak lirateke, eta batzuen arabera, bien artean hainbat sexu orientazio leudeke aukeran, bisexualitateaz gainera.

Homosexualen artean kategorizazio hau egiten da: gizon edo bere burua gizontzat duen pertsona batek beste gizonenganako erakarmen sexuala sentitzen duenean, gizon hori gay dela esaten da; emakume batek beste emakumeenganako erakarmen sexuala sentitzen duenean berriz, emakume hori lesbiana dela esaten da.

Orokorrean, gizona edo emakumea garen garbi izaten badugu ere, beste kasu batzuetan sexu-identitatea (sexualki edo ezaugarri sexualak ikusita, nork bere burua gizon edo emakumetzat hartzen duen) eta genero-identitatea (psikologikoki, nork bere burua gizon edo emakumetzat hartzen duen) ez datoz bat, eta ondorioz ezin da hain garbi zehaztu pertsona bat sexu bereko pertsonak erakarrita sentitzen den, homosexuala den alegia. Faktore sozialek ere eragina dute homosexualitatearen eraketan. Sexu biologikoaren, sexu psikologikoaren eta genero sozialaren arteko disonantzia horiek queer teoriak lantzen ditu bereziki.