Hurbileko turismoa

Hurbileko turismoa edo gertuko turismoa, bizitokitik gertu egiten den turismoa alegia, XX. mendearen bukaeratik garatu den kontzeptua da, bereziki turismoaren masifikazioaren, globalizazioaren, turismoak dakarren deserrotzearen eta jasangarritasunaren inguruko problematikaren inguruan. Aldi berean, lurralde eta hirien artean lehen mailako helmuga turistiko bilakatzeko lehian, sektore eta publiko guztiak erakartzeko premia sortu da, gertuko herritarrak ere erakarri nahi dira, eta beraz marketin-kontzeptua ere esan daiteke.  Beraz, dimentsio edo ertz askotatik aipaturiko terminoa denez, konplexua da bere kategorizazioa, eta beraz edonolako definizioa subjektiboa eta lausoa izango da guztiz. Distantzia har liteke irizpide nagusitzat definiziorako, bizitokitik oportokira dagoen distantzia aldagai erabat zenbatgarria denez, baina ez da horrela gertatzen den hurbileko eta urrutiko izendapenekin: 100km gertu izan daiteke herritar batentzat, eta urruti beste batentzat. Gainera, globalizazioak hurbildu egiten ditu munduko lurralde guztiak, eta egun lehenago iritsi daiteke Donostiatik Londresera, Iratiko oihanera baino.

Distantzia baztertuz, soziologia izango da hurbileko turismoa definitzeko irizpideak finkatu dituena. Lehen irizpide gisa, herritar batek "hemendik ibiliko gara" adieraztea argi eta garbi uzten du hurbileko turismoa egingo duela. Baina ez da irizpide bakarra, bidaiaren kostua, denbora eta distantzia geografikoaz haraindi, distantzia kulturalak ere hartu behar dira kontuan hurbileko turismoa definitzerakoan. Labur esanda, norberaren eta lurraldearen arteko loturan eta identifikazioan, herritarren esperientzietan eta jokabideetan (adibidez, bigarren etxebizitzen kokapena) finkatu behar dira hurbileko turismoaren mugak.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Hurbileko turismoa"; Gizapedian, 16 ekaina, 2020, https://gizapedia.hirusta.io/hurbileko-gertuko-turismoa/.

Erreferentziak