Ideia-jasa (brainstorming)

Brainstorming saio batean botatako ideiak. Kredituak: Anthony Dubois- Commons.

Ideia-jasa, brainstorming ingelesezko mailegu-izenez ere ezaguna, arazo baten soluzioak eta ekimen baterako aukerak, ideiak orokorrean,  irekitasunez eta malgutasunez sortzeko metodoa da, haien azterketa eta azken erabakia gerorako utziz. Metodoaren funtsa lan-talde bateko partaideei bururatzen zaizkien ideia guztiak botatzea da, inongo muga edo zentsurarik gabe, ideia horien artean ideia egokiena aurkituko delakoan. Alex Faickney Osborn estatubatuar publizitate-exekutiboak asmatu zuen kontzeptua eta terminoa 1939 urtean, berak lan egiten zuen enpresako langileen sormena eta parte-hatrzea sustatzeko, eta ondoren hainbat argitalpenetan zabaldu, hala nola 1967ko Applied Imagination lanean. Egun, metodo aski erabilia enpresan, bereziki proiektu berriak abiarazi behar diren egoeretan, proiektuak bideratzeko modu desberdinak azalarazteko.

Ideia-jasaren helburu nagusia ahalik ideia, kontzeptu, aukera eta soluzio posible gehien mahai gainean jartzea da, horien ebaluaketarik egin gabe. Hain zuzen ere, ideia-jasan zehar alternatibak ebaluatzen hastea ideia-jasaren filosofiaren aurkakoa dela irizten da, ebaluaketak parte-hartzaileen partehartzean autozentsura eragin dezakeelako, norberak aurkezten dituen ideiak baztertuak izango direlako beldurrez. Ebaluaketa eta azken erabakiak beste saio edo zirkulu batean gauzatzen dira, baina talde berean ere izan daitezke, ondorengo eztabaida edo bozketa baten bitartez. Ideia-jasa saio batzuetan zehar ere burutu daiteke, taldekide bakoitzak beste taldekide baten ideiak jasoz eta landuz eta bere ideia propioarekin lotuz, erabaki egokia sortu dela iritzi arte.

Ideia-jasa taldean garatzen den teknika da gehienetan, baino modu indibidualean ere bideratu daiteke, besterik gabe subjektu batek etortzen zaizkion ideia guztiak orri zuri batean garatuz. Taldean egiten denean ere, aurrez aurreko saioak baztertzea gomendatzen da, lotsa, adostasun soziala eta bestelako eragozpenak saihesteko. Koordinatzaile edo zuzendari baten beharra ezinbestekoa da ordea, proiektuaren xehetasunak behar bezala aurkeztu, partehartzea sustatu, botatako ideiak jaso eta ondorengo erabaki-prozesua zuzentzeko.

Beste hizkuntzetan:ingelesez, brainstorming; gaztelaniaz, lluvia de ideas, tormenta de ideas.

Ikus, gainera