Identitatea

Identitate kontzeptua psikologian, soziologian, antropologian eta filosofian baliatutako kontzeptua da izan da, eta beraz ikuspuntu ezberdinetatik landua. Hala eta guztiz ere, kontzeptuaren hainbat elementu argiak dira, eta adostasunez onartzen dira diziplina guztietan. Ildo horretatik, identitatearen eraketa pertsonaren bizitzan funtsezko prozesua dela argi dago, bizitzaren esperientziari zentzua emateko ezinbestekoa baita.

Hortik, identitatea modernitateari loturiko kontzeptua dela ere esango genuke, subjektuak bere bizitza garatu eta bere burua ulertzeko prozesu pertsonala denez, subjektuaren autonomia nabarmentzen duena. Beste alde batetik, identitatea kulturarekin loturiko kontzeptua ere bada, identitatea kulturaren baitan garatzen baita, eta horrela identitatea eremu indibidualaren eta eremu kolektiboaren arteko zubia litzateke. Ildo horretatik, arraza, etnia, generoa eta klase soziala identitatea eratzeko baliatu ohi diren kategoriak dira.

Beste alde batetik, identitate soziala eta identitate pertsonala bereizten dira. Identitate sozialean, pertsonak pertenentzia-talde jakinetara biltzen da, talde horietako kideekin ezaugarri eta interes komunak partekatuz (ohikoa da adibidez, lagun taldeak neskek edo mutilek osatutakoak izatea, genero-identitateak taldea aukeratzean duen garrantzia agerian utziz). Identitate pertsonalean berriz, pertsonak bere berezitasunak eta ezaugarri propioak lantzen ditu, besteengandik bereizi eta bere indibidualtasuna nabarmentzeko. Azkenik, identitate sozialak nahiz pertsonalak pertsonak bere burua, pertsonaren nia, nola ikusten duen zehazten dute, pertsonaren autokontzeptua garatuz.