Ikaskuntza esanguratsua

Ikaskuntza esanguratsua edo ikaskuntza adierazgarria ikasleak jaso eta barneratu egiten duen hura, eskuraturiko ezagutzak eta trebetasunak bere bizitzan zehar praktikan erabiltzeko moduan. Ikaskuntza mekanikoaren aurkakoa litzateke: informazio bilketa hutsa, bere eskema kognitiboak osatzen lagunduko luketen ikaslearen aurretiko kontzeptuekin lotzen ez dena. Bi dira ikaskuntza esanguratsurako baldintza nagusiak: alde batetik, subjektua esanguratsuki ikasteko prest egon behar da, eta ikasten dena esanguratsua izan behar da berez, hau da,  ikasleak kontzeptu berriak aurretiko kontzeptuekin lotzeko gauza izan behar da, egitura kognitiboa etengabe osatuz modu honetan.  Kontzeptu zahar eta berrien arteko lotura horri asimilazio-printzipio deritzo. Horretarako metodo egokiena aurkikuntza bidezko ikaskuntza da, eta ez ikaskuntza mekanikoaren oinarri izaten den errezepzio bidezko metodoa. Beste alde batetik, metakognizioaren erabilerak ere bultzatzen du ikaskuntza esanguratsua, metakognizioaz subjektuak bere ikaskuntza sendotzeko estrategiak taxutu eta aurrera eramateko gai delako.

Ikaskuntza esanguratsuaren inguruko teoria David Ausubel (1918-2008) psikologoak eratu zuen, 1973ko Educational psychology lanean, Jean Piageten ideietan oinarrituz.


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Ikaskuntza esanguratsua"; Gizapedian, iraila 21, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/ikaskuntza-esanguratsua/.