Ikaskuntza-kurba

Ikaskuntza-kurba trebezia edo eduki teoriko baten ikasketan denbora eta lorturiko ikaskuntza edo gaitasun-maila lotzen dituen kurba da, gehienetan kartesiar diagrama batez irudikatua. Hainbat eratako ikaskuntza-kurba bereizten dira, baina bereziki ikaskuntza-kurba azkarrak, non hasieratik ikaskuntza, eta horrekin batera lorturiko trebeziak eta gaitasunak, oso azkar eskuratzen den; eta ikaskuntza-kurba motel edo geldoak, non hasieran lorturiko trebeziak epe ertain edo luzera eskuratzen diren, bereziki hasiera batean eskuratu beharreko eduki teorikoen ondorioz. Ikasi eta landu beharreko gaiaz gainera, metodo didaktikoak ere eragina du ikaskuntza-kurbaren bilakaeran.

Loturiko kontzeptu bat esperientzia-kurba da, ataza behin eta berriz errepikatzen den kasuetan, denbora aurrera joan ahala, ataza hori egiteko behar den denbora edo kostua nola murrizten den erakusten duena, maiz ikaskuntza-efektu baten ondorioz ere gertatzen dena.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, learning curve; gaztelaniaz, curva de aprendizaje.