Inbertsioa

Zentzu hertsian, inbertsioa enpresek  ekoizpen-faktore fisikoak ondasun eta zerbitzuak ekoizteko eskuratzea da (makina barri bat erosi, enpresako bazkideek jarritako diruarekin), kontsumoa ez bezala, non ondasunak eta zerbitzuak beharrak asetzeko erabiltzen diren. Finantza-inbertsioak ere badaude, aurrezkiak eta soberakinak finantza-aktiboak eskuratzeko erabiltzen direnean (akzioak erosi, gero salduta mozkina ekarriko dutelakoan), gero horiek saldu eta mozkinak lortzeko asmoarekin. Gero irabaziarekin saltzeko askoz erosten den ondasun oro ere inbertsioa dela esaten da. Edonola ere, inbertsioak norberaren dirua edo ondarea erabiliz egin daitezke (autofinantzaketa), eta baita ere zorpetuz (zorrak hartuz).

Beraz, inbertsioa finantzazioarekin lotzen da, ekonomian ziklo bat osatuz. Inbertsioa egiteko baliabide gehigarriak baliatu beharrean dago inbertitzailea, bere inbertsioa finantzatu egin behar du alegia. Hain zuzen, inbertsio prozesua zeharkakoa izaten da ekonomian diharduten eragile guztien artean: batak bestea finantzatzen du, horrek beste bat finantzatzeko, eta ..., azkenean inbertsio erreala edo produktiboa, aktibo produktiboak eskuratuz, egingo duenarenagan heldu arte.  Inbertsioa faktore dinamizatzaile garrantzitsua da ekonomian, eskaria gehitzen baitu sistema ekonomikoan, eta behin eta berriz gainera, efektu bidertzaileak sortuz ekonomian; gainera, inbertsioak produktibitatea ere gehitzen du, inbertsioak ekoizpen-bideak (makinak, ...) berritzea dakarrelako, ekoizpena modu eraginkorragoan burutuz horrela. Horrela, garapen ekonomikoaren giltzarrietako bat dela esan daiteke zalantzarik gabe.

Maila mikroekonomikoan, berriz, inbertsio prozesuak erabaki-prozesu zorrotza beharko luke, etorkizunean izango diren diru-sarrerak eta irteerak behar bezala estimatuz, interes-tasa batez deskontatuz, eta azkenean inbertsioak emango duen errentagarritasuna kalkulatuz.

Ikus, gainera