Industria astuna eta industria arina

Industria astuna beste industrientzat intsumoak ekoizten dituen industria da, bereziki lehengaiak prozesu fisikokimikoen bitartez eraldatu eta beste industrientzat prestatzen dituena. Lantegi eta azpiegitura handiak behar dituen industriak dira, kapital finko eta energia kontsumo handiarekin, eta gehienetan lehengaiak erauzten diren eremutik edota haiek modu masiboan jasotzeko azpiegituretatik (portuak, trenbideak, errepideak) gertu daude. Sektore hauek sartzen dira industria astunaren sailean: industria estraktiboa, mineralen lehenengo prozesamenduaz arduratzen dena; zementoaren industria, siderurgia eta petrokimika.

Industria arina berriz, bereziki azken kontsumitzaileentzako produktuak ekoizten dituzten lantegiek osatzen dute, bitarteko produktuak jaso, eraldatu eta muntatu egiten dituztenak, hala nola etxeko elektrogailuak, ordenagailuak, jantziak, garbikariak, elikagaiak eta bizikletak. Inbertsio, lantegi eta azpiegitura txikiagoak behar dituzte, eta balio erantsi handiagoa dute, produktu bukatuak ekoitzi arte garatu beharreko fase anitzen ondorioz.

Industria astunaren eta arinaren artean ekipo ondasunen industria dago, industria erdiarina ere deitua, beste industrientzat ondasuniraunkorrak (makinak, azpiegiturak, ibilgailuak) ekoizten dituena.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, heavy industry and light industry; gaztelaniaz, industria pesada, industria ligera e industria semiligera.