Siderurgia (definizioa) eta industria siderurgikoa

Labe-garai bat, industria siderurgikoaren oinarrizko azpiegituretako bat.

Siderurgia burdin mea eraldatu eta burdina eta horren aleazioak, hala nola altzairua, ekoizten dituen tekniken multzoa da. Teknika horiek erabiliz burdina ekoizten duen industriaren sektore ekonomikoari deitzen zaio industria siderurgikoa (labur industria siderurgikoari ere siderurgia deitzen bazaio ere).

Industria siderurgikoa oinarrizko industrietako bat da, beste industria eraldatzaileentzako burdina eta altzairua eskainiz, modu sinple batean landua, hala nola xafla nahiz barra moduan. Beste alde batetik, azpiegitura eta instalakuntza handiak (labe garaiak, adibidez) behar dituen industria da, eta kapital fisiko trinkoa behar duena, inbertsio ekonomiko handiekin. Hori dela eta, industria siderugikoa enpresa handien esku egoten da. Industria siderurgikoaren beste ezaugarri bat bere kontzentrazio geografikoa da, bere neurriko garraio azpiegituren eta burdinaren industria eraldatzaileen ondoan. Euskal Herrian adibidez, industria siderurgikoaren kontzentrazio handia izan zen, beste industriekin batera, Bilboko Itsasadarreko Ezkerraldean.