Inferentzia estatistikoa

Inferentzia estatistikoa laginetan oinarritua populazioari buruzko konklusioak (inferentziak, alegia) ateratzen dituzten teknika estatistikoen multzoa da. Populazioen parametroak estimatzeko zenbatesleen zehaztapena, konfiantza tarteen eraketa, froga estatistikoak eta abar biltzen ditu. Hainbat ikuspegitik gara daiteke inferentzia estatistikoa, baina orokorrean errealitatea, zehatzago aztergai ditugun populazioa, zorizko osagaiak dituela suposatzen da, zorizko eredu batean ezartzen direnak, parametro determinista ezezagun batzuekin batera, eredu parametriko izenekoak osatuz; ohikoena den ikuspegi horretatik, inferentziaren helburua lagin datuetatik parametro ezezagun horien estimazioa edo kontrastazioa egitea litzateke, beti ere haietan dauden errorearen estimazio batekin. Adibidez, pieza mota baten iraupena zorizkoa dela dakigu, batezbesteko eta bariantza finko baina ezezagunekin; pieza bakan batzuen osaturiko lagin batean suertatutako iraupenari buruzko datuetatik, pieza guztien populazioko parametro haiei buruzko estimazioak egiten dira inferentzian, zenbatesleen bitartez, esaterako lagineko datuen batezbestekoarekin eta bariantzarekin.