Interakzionismo sinbolikoa

Interakzionismo sinbolikoaren arabera, indibiduoen nortasunaren eta identitatearen eraketa beste indibiduoekiko interakzio edo elkarrekintzan definitzen da, gizarte testuinguruan indibiduoak bereganatzen duen esanahiaren arabera (eta hortik sinboliko izenondoa). Konduktismotik eta pragmatismotik eratortzen den eskola da, XX. mendearen hasieran garatua, Chicagoko eskolaren baitan, eta George Herbert Mead soziologoa izan zen ordezkari nagusia, bere Ekintza Sozialaren Teoriaren bitartez; hala ere, interakzionismo sinbolikoaren terminoa ez zen 1969 urtera arte plazaratu,  Herbet Blumer-en eskutik. Meaden arabera, ekintza sozial oro estimulua da jasotzen duenarentzat, eta honek beste ekintza bat garatuko du, lehenengo indibiduoak estimulu gisa jasoko duena; interakzio hori komunikazioaren bitartez garatzen da, hizkuntzaren bitartez, eta bestearen erantzuna da indibiduoarengan esanahia sortzen duena, indibiduo bakoitza bere baitan garatzen duen barne solasaldiaz gainera. Interakzionismo sinbolikoaren beste ordezkari nagusia den Erving Hoffmanen arabera, berte teoria dramaturgikoaren baitan, interakzioa indibiduoek garatzen dituzten roletan oinarritzen da.