Internalizazioa (psikologia)

Agian, internalizazioa enpresa arloan bilatzen ari zinen. 

Soziologian eta psikologian, internalizazioa subjektu batek gizarteko arauak, balioak eta ezagutzak (hitz batean, kultura) bereganatzeko prozesua. Sozializazio prozesuaren alderdi nagusietako bat da, ezinbestekoa subjektua gizarteratu dadin; hain zuzen ere, internalizazioak huts egiten badu, sozializazioak ere huts egingo du ezinbestean, gizarte desbideratzea eta bestelako ondorioak sorraraziz. Internalizazioaren garrantzia Lev Vigotsky psikologoak (1896-1934) nabarmendu zuen; bere iritziz, internalizazioa subjektuen arteko harremanetan eta subjektuarengandik at dauden egoeretan du jatorri: hezitzailearen papera internalizazioa arrakastatsu bihurtzea da, horretarako abiapuntu eta oinarri egokiak jarriz (ikus, gainera, Hurbileko Garapen Eremua).