Intuizioa

Intuizioa ezagutza era introspektiboan, arrazoimena eta esperientzia erabili gabe, zuzenean eskuratzen den ezaguera da, iritziaren eta sinesmenaren antzekoa, baina hala ere argi eta garbi agertu eta egiazkotzat hartzen dena. Kontzeptuaren beste definizio batzuk plazaratu dira filosofiaren historian: kartesianismoan, intuizio arrazoigarria, arrazoi bidez eskuratutakoa, eta intuizio sentigarria, esperientziatik jasotakoa, bereizten dira, intuizioa ezagutzarekin berarekin identifikatuz; Blaise Pascal XVIII. mendeko filosofoak esprit de finesse izendatu zuen intuizioa, eta esprit géometrique arrazoia; Immanuel Kant-en arabera, intuizioa behaketaz frogatu ezin daitekeen ezagutzaren iturburua da; Spinoza eta Henri Bergson-en arabera, berriz, mundua osotasun moduan ulertuta eskuratzen den ezagutza zehatza da, zientziaz eskuraturiko ezagutza ez bezalakoa.

Intuizioa matematikaren filosofian bereziki landutako gaia da; hain zuzen, matematikan bi joera bereiz daitezke: batetik, matematikaren metodoa intuizioz gara daitekeela aldezten duena; eta bestetik, intuizioa guztiz baztertu, eta logika beste ezer erabili behar ez dela baieztatzen duena; adibidez, "2+2=4" proposizioari buruz, pentsa liteke intuiziozko egia dela eta ez dagoela frogatu beharrik.1

Etikan ere, agindu etikoen balioa intuiziotik edo beste nonbaitetik eratortzen den eztabaida dago; adibidez, "hilketa gaitzesgarria da" intuiziotik dator ala beste nolabait justifikatu daiteke?2

Ikus, gainera

Erreferentziak

1.
Poincaré H. Intuition and Logic in Mathematics. Saint Andrews. http://www-history.mcs.st-andrews.ac.uk/Extras/Poincare_Intuition.html. Accessed 2018.
2.
Iannone AP. Intuition. In: Dictionary of World Philosophy. ; 2001:269-270.