Izozmendiak

Izozmendi bat Groenlandian.

Izozmendiak, iceberg ere deituak, itsaso nahiz lakuetan flotatzen duten izotz eta elurrezko masa edo puska handiak dira, glaziarrak ur ertzera heldu eta haietatik askatzean sortuak. Glaziar handienak Antartika, Groenlandia, Alaska eta Ipar Amerikako glaziarretatik sortzen dira, eta zabaleran metro batzuetatik ehundaka kilometro izatera hel daitezke, altueraz ehundaka metro izatera heltzen dira; hain zuzen ere, urteak pasatzen dira izozmendiak itsaso eta aintziretan urtu arte. Guztiz desagertu arte, izozmendiak itsasoan zehar mugitzen dira, korronteek eta haizeak bultzaturik, batzuetan milaka kilometro eginez, batzuetan poloetatik urrun eta latitude epeletaraino. Hain zuzen ere, izozmendiak ontzien nabigaziorako arrisku handienetakoa dira; esaterako, Titanic bidaiontziaren istripua izozmendi batekin izandako talkak eragin zuen.

Ohartu behar da izozmendietako izotza ez dela itsaso eta aintziretako uretatik sortu, eta beraz izozmendiek bere baitan duten ur guztia geza dela.

Izozmendi batean bi parte bereizten dira: ikusten duguna, ur gainekoa, txikiena dena; eta ur azpikoa, ikusten ez duguna, eta askoz ere handiagoa dena. Zehazki, izozmendien masaren %85 ur azpian egoten da, baina kopuru hori gutxigorabeherakoa da, izozmendiaren formaren arabera bereziki. Hain zuzen ere, zerbaiti buruz informazio gehiena ezkutuan dugunean, izozmendiaren punta besterik ez dugula ikusten esaten da metaforikoki.

Mota desberdinetako izozmendiak bereizten dira. Adibidez, izozmendi lauak lautada itxurako izozmendiak dira, izotz-plataforma kontinentaletik askatuak, bereziki Antartikatik.