Jainkoaren hiria

Jainkoaren hiria Agustin Hiponakoak (354-430) landutako kontzeptu erlijioso, historiko eta politikoa da, berak idatziriko De civitate dei contra paganos, "Jainkoaren hiria paganoen aurka", lanean garatzen dena. Haren arabera, munduan bi hiri daude, baina kontzeptu politiko eta historiko gisa ulerturik, eta ez hiri fisiko edo geografiko moduan: Jainkoaren hiria eta hiri paganoa. Hiri paganoa euren irrikei jarraitzen dieten gizakien taldea da, Jainkoarengandik urrun eta fedeari itzuri eginez; Jainkoaren hiria berriz, fedean eta Jainkoaren maitasunean oinarritzen da, bizitzako irrikei itzuri eginez, mundua behin behinekoa dela sinetsirik. Agustin Hiponakoarentzat, bi hiriak etengabeko borrokan dauden bizitza eta gobernu ikuspegiak dira, eta azkenean historia Jainkoaren hiriaren garaipenarekin amaituko da. Kontzeptu horren bitartez, Agustin Hiponakoak historiaren bilakaera lineala baieztatzen du, Jainkoaren hiriaren garaipenarekin amaituko dena, Ekialdeko eta beste filosofietako historia ziklikoetan ez bezala, eta beste alde batetik, historia eta politika dialektika edo borroka moduan planteatzen ditu, Jainkoarenganako maitasunaren eta lurreko ondasun materialekiko maitasunaren artean. Esan liteke beraz, Jainkoaren hiria kosmobisio edo mundu-ikuskera erabatekoa dela, mundua eta historia nola bilakatzen diren adierazten duena. Agustin Hiponakoak iritzi kontraesankorrak ditu Jainkoaren hiria eta Eliza identifikatzean: batzuetan batera jartzen ditu, eta beste batzuetan muga lausoetarako bidea zabaltzen du.

Erreferentziak

  • La tensión entre las dos ciudades: el análisis de San Agustín y su validez actual, Salvador Antuñano Alea