Jarduera ekonomikoak

Jarduera ekonomikoak edo ekonomia jarduerak (ekonomi jarduerak) ekoizpen faktoreak erabiliz, ondasunak eta zerbitzuak ekoizten dituzten ekintzak eta prozesuak dira. Adibidez, jarduera ekonomikoak dira oiloen hazkuntza (arrautzak eman ditzaten), ordenagailuen muntaketa, osasun arloko ikerkuntza (ezagutza ekoizten da horrela, azkenean botika berria ekoiztera eramango duena) eta publizitatea egitea (salmentak sustatuz, ekoizpena ere sustatzen da). Orokorrean ez dira jarduera ekonomikotzat hartzen zaletasunagatik burutzen diren jarduerak, baina bai horien inguruan truke ekonomikoak (adibidez, diskoen bilduma egitea ez da jarduera ekonomikoa, baina bai beste pertsona bati disko bat erostea bilduma handitzeko). Eztabaida dago, ordea, norberak egiten dituen etxeko lanak (garbiketa, adibidez) edo boluntariotzako lanak  jarduera ekonomikoak diren.

Jarduera ekonomikoak sektore ekonomikoetan sailkatzen dira: lehenengo sektorean, nekazaritza, arrantza eta industria estraktiboak (meatzaritza) biltzen dira; bigarrenean, industria jarduerak; hirugarrenean, zerbitzuak; eta laugarrenean, informazioarekin eta ezagutzarekin loturiko jarduerak.