Jarrera edo aktitudea (psikologia)

Jarrerak edo aktitudeak (ingelesez, attitudes) pertsona, objektu, egoera edo beste entitate bati buruz sentitu edo jokatzeko moduak, predisposizioak, ikuspegiak edo asmo orokorrak dira. Konstruktoak dira, eta beraz zuzenean neurtu ezin direnez, jarrerek eragiten dituzten jokabide, ekintza eta beste erantzunen bitartez jaso beharrekoak. Hiru motako erantzunak eragin ditzake jarrera batek: erantzun kognitiboak (entitateari buruzko pertzepzio edo informazio bat jasotzen duena), afektiboak eta aktiboak (jokabideak eta asmoak). Dena den, ohikoena jarrera erantzun afektiboen bitartez neurtzea izan da, subjektuaren ebaluazioak jasoz alegia. Jarreren eraketari buruzko ikuspuntu zenbait garatu dira: ikuspuntu funtzionalistatik, jarrerak funtzio bat beteko luke, hala nola norberaren burua babestu edo ezagutza osatzea; konduktismotik, jarrera estimulu baten erantzun errepikatua litzateke; ikuspuntu kognitibotik, jarrera sinesmen batzuen ondorioa litzateke, jarreraren objektua atributu positibo edo negatiboekin lotuz.1

Erreferentziak

1.
Corsini RJ. Attitudes. In: Encyclopedia of Psychology. ; 1994:114-115.