Jolas sinbolikoa

Panpina jolas sinbolikorako ohiko jostailua da.

Jolas sinbolikoa haurrak errealitateko egoerak simulatu egiten dituen jolasa da, horretarako behar dituen objektuak eskura dituen beste objektuekin ordeztuz eta pertsonaiak antzeztuz, hala nola dendetara eta medikuetara jolastuz. Jolas sinbolikoan haurrak errealitateko egoerak, guztiz bereganatu ezin dituenak, imitatu egiten ditu, horiek asimilatzen joateko. Jolas sinbolikoa mugimendu eta zentzumenezko jolasen ondoren garatzen da haurrarengan, eta jolas arautuaren aurretik, non haurrak besteekin jolasten eta besteak errespetatzen ikasi behar duen bereziki.

Jean Piagetek haurraren garapenari buruz ezarri zuen teorian, jolas sinbolikoa elementu garrantzitsua da haurraren ikaskuntzarako, aldi aurreoperazionalean bereziki, 2-7 urte bitartean alegia. Hain zuzen, adin horretan haurra txikiegia errealitateko hainbat egoeretan murgiltzeko, bere ahalmen kognitiboa mugatua baita; jolas sinbolikoaren bitartez egoera horiek bere ahalmenetara moldatu egiten ditu, haiek barneratzen joaten da. Izan ere, adin horietan haurra bere egozentrismoan murgildurik dago (ni besterik ez dago munduan) eta jolas sinbolikoak laguntzen dio errealitatearen aldean distantzia egokia hartzen eta izan behar duen kontzientzia hartzen. Sormena eta hizkuntza izango dira jolas sinbolikoaren tresna garrantzitsuenak: egoera horiek antzeztuz, haurra errealitatea objektuz, ekintzez eta hitzez adierazi eta irudikatzeko gauza izango da (baita ere marrazkien bitartez).

Sozializazioa da jolas sinbolikoak dakarren beste onuretako bat. Jolas sinbolikoaren aldiaren hasieran, 2 urte inguruan, haurra bakarrik jolasten bada ere (adibidez, itxurazko telefono batez bakarrik hitz egiten); 2-4 urte bitartean, jolas paralelo batera igarotzen dira, beste haurrekin jolasten, egoera bera irudikatzen baina haien arteko harremanik gabe (adibidez, hondartzan gazteluak egiten); azkenik, 4 urtetik aurrera, jolas sinbolikoa partekatua izaten da, eta haurra beste haurrekin jolasten da, haien artean egoerari dagozkion rolak banatuz.

Azkenik, jolasgaia ere aipatu behar da, jolas sinbolikoan zertara jolasten den alegia. Alde batetik, errealitate soziala irudikatzen duten jolasgaiak ditugu, medikuetara, sukaldetara edo dendetara. Beste alde batetik, gizartearen errealitate fantastikoa irudikatzen dutenak, piratak edo munstroak adibidez. Eta azkenik, haurrak berak asma ditzakeen egoerak ere izan daitezke, errealitatearekin loturarik gabe baina haurraren sormenerako garrantzitsuak.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Jolas sinbolikoa"; Gizapedian, maiatza 22, 2019, https://gizapedia.hirusta.io/jolas-sinbolikoa/.