Jopuak eta joputza (Erdi Aroa, feudalismoa)

Jopuak edo glebako jopuak Erdi Aroko feudoetako nekazarien klase soziala zen, jaun feudalaren mendean eta agindupean. Hala, jopua feudo bateko lursail bati atxikitako gizona zen, bere familiarekin batera, lurra landu behar zuena, jaun feudalari zor zion obedientziaz. Jopuak esklabotzaren antzeko harremana zuen jaun feudalarekin (izan ere, jopua servus da latinez, eta jopua nahiz esklaboa izendatzeko erabil daiteke), baina esklaboaren kasuan ez bezala, jaunaren eta jopuaren arteko harremana, joputza izenekoa, ez zen jabetzazkoa (kristautasunak printzipioz debekatuta eta beste arrazoi batzuengatik, esklabo gutxi geratzen Erdi Aroaren hasieratik). Izan ere, jopua feudoko lurrari atxikia zegoen arren, jopua gizon askea zen berez, baina jaunak esleitutako lursaila lantzera beharturik zegoen halako hitzarmen edo kontratu batez (eta hortik glebako jopuak izendapena,  gleba izanik, latinezko etimologiaz, lur mokorra, nabarmentzeko jopua lurrari atxikia zegoela), nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eskuratutako produktuetatik errenta ordainduz jaunari, babesaren eta gosetea zegoenetan gutxieneko mantenuaren trukean. Beraz, esklaboen kasuan ez bezala, jopuaren eta jaunaren arteko harremanaren oinarria ez zen askatasuna (hobe esanda, askatasun-eza), biziraupena eta segurtasuna baizik. Halere, izatez esklaboak ez ziren arren, praktikan esklabotzaren antzeko egoera batean bizi ziren, ezkontzari dagokionean esaterako baimena eskatu behar izaten zuten, eta jaunak eskatzen zuenetan jopuak gerran parte hartzeko obligazioa ere bazuen. Mendekotasun, leialtasun eta fideltasun erlazio horiek feudoaren oinarria ziren (feudo hitza fides hitzetik omen dator, batzuen arabera), ez bakarrik jopuaren eta jaunaren artean, baita jaunaren eta jaunari feudoaren pribilegioa eman zion monarkaren artean, azken hau basailutzaren bitartez.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, siervos (siervos de la gleba) y servidumbre.