Just-in-time (JIT)

Just-in-time (JIT), euskaraz "behar den denboran", ekoizpen-plangintzarako metodo bat da, oinarrian ekoizpena era jarraitu eta arin batean, botila-lepo eta atzerapenik gabe, garatzea helburu duena. Bezeroaren eskaerak garaiz betetzeaz gainera, ekoizpen prozesuko sail bakoitzeko eskaerak eta beharrak arintasunez betetzea ere eskatzen du, baina aldi berean stock edo izakinak minimotuz, haiekin loturiko biltegi kostuak murrizte aldera. Horretarako ezinbestekoak dira produzkio-erritmoak eta logistika zehazki kontrolatu eta hornitzaileekin erabateko lankidetzan jardutea. Aldi berean, JIT sistemak abian jartzeko beharrezkoak dira kaizen, kanban, kalitate-zirkuluak eta bestelako kalitate programak inplementatzea, JIT sistemaren arrakastarako beharrezkoak diren akatsen murrizketa, mantenimendu intentsiboa, ordena eta garbitasuna eta langileen malgutasuna lortzen aldera. Just-in-time Japonian garatu zen metodologia da, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, bereziki Toyota enpresako lantegietan, eta geroztik hedapen zabala du mundu osoan eta efizientzia ekonomikoa gehitzeko funtsezko tresna dela frogatu da.