Kaosa eta kaotikoa

Kaosa (latinezko chaos hitzetik, bere aldetik antzinako grezierazko χάος, kháos, hitzetik) nahasmen eta anabasa egoera da. Etimologikoki, aurkakoa terminoa kosmos da, unibertsoaren ordena adierazten duena. Zerbait kaosaren mendean dagoenean, kaotikoa dela esaten da. Zientziaren eremuan, kaosak aurresangaitzak eta zorizkoak diren fenomenoak eta horiek sortzen duten egoera adierazten du, bereziki hasierako baldintzetan aldaketa txikiek fenomenoaren bilakaera aski ezberdinak eragiten dituztenean; ildo horretatik kaosaren teoria izenekoa garatu da, matematikoki sistema kaotikoak aztertzen dituena.