Kapareak

Gaztelako,  Nafarroa eta Aragoiko Erdi Aroko estamentuzko gizartean, kapareak edo gapareak leinuagatik nobleak diren haiek dira, jaun baten jopuak ez direnak. Euren pribilejioen artean, monarkari zergak ordaindu behar ez izatea zegoen, petxeroak ez bezala. Gaztelaniaz, hidalgo ("hijos de algo") deitzen zitzaien, leinuzko jatorria agerian utziz. Asturias, Kantabrian, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan populazioaren zati handi bat osatzen zuten, %60rainokoa, eta haien artean klaseak ere bazeuden. Lurralde horietan klase ertaina osatzen zutela esan daiteke, denetariko ofizioak zituzten, eta maiz pobreak ere baziren (haiengandik dator, "pobres de solemnidad" esamoldea). XVI. mendean, kaparetasun unibertsala ezarri zen Bizkaian, Gipuzkoan, eta Espainiako iparraldeko beste lurralde batzuetan. XVI. mendetik pribilejiozko kapareak ere izendatzen hasi ziren, hidalguía erosteagatik, armadan parte hartzeagatik edota sei seme jarraian izateagatik izendatuak. Asko izan ziren izendapen hori bilatu zutenak, zergen ordaindu behar ez izateko. Hori dela eta, XVIII. mendean 600.000 kapare izatera heldu zen Espainian, 9 milioko populazio batetik.